Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo hirukote xelebrea Social Antzokian izango dugu martxoan. Txirri jakintsua, dotorea eta azkarra. Mirri bihurri hutsa, inbidiatsua eta zirikatzailea. Harroxkoa gainera.
Txiribiton, aldiz, ogi puzketa gozoa, samurra eta adiskide leiala. Hirurak beti elkarri zirika eta elkarrengandik urrutiratu ezinik. Horixe da beren arrakastaren iturburua. Horretaz gainera beti kalitatearen apustua egin izana eta kolaboratzaile onenez inguratu izana bai musika arloan, gidoigintzan zein jazkera edo dekoratuen kontuetan ere lagungarri gertatu zaie.
Indarberrituta datoz eta gaztetuta herriz herri ibiltzeko asmoan, dagoeneko hainbat jira eskaini dituzten Txiiri, Mirri eta Txiribiton juniorren eskutik.
Txirri ta Mirri ta Txiribiton, Txutxupe, Allakuidaus, Hipopotamoaren dantza, Amona Martxelonen baratzan, Katxurri Miliputxi, Paristik natorren, Zapi Zuria eta Altza Felipe abesti martxoso, hunkigarri, barregarri eta eragileekin beren publikoa ederki astinduko dute harriduraz eta pozez.
Musika, osagarri handia izanik, ez da ikuskizunean eskainiko den bakarra noski. Emanaldia 9 esketxjolas dibertigarri eta parte hartzaileekin osatuta dago. Pertsonaia bakoitzaren xarmari zukua aterata, haurren munduko eguneroko bizimoduaren alor ezberdinak jorratzen dituzte, beti ere, adiskidetasuna eta umorea lagun.